MARTXOAK 8

Martxoaren 8a Emakumeen Nazioarteko eguna da. Urtero bezala, gure ikastolan ere hausnarketa eta aldarrikapenez betetako eguna izan zen. Txikiengandik hasi eta ikasle helduetara, denek lanketa ezberdinak egin ahal izan zituzten.

Haur Hezkuntzan, urtero bezala, parekidetasuna lantzen duten ipuinak irakurri zituzten eta ondoren, hauen inguruan hausnarketa egin zuten. Morez apaindutako emakumeen ikurrak egiteaz gain, abesti ezberdinak ere landu zituzten.

Bazkardoko helduenek berriz, Lehen Hezkuntza 1 eta 2ko ikasleek, emakumeei zuzenean eragiten dien gai ezberdinen inguruan hausnartu zuten: itxura fisikoa, arropak, lanbideak, aisialdia, jostailuak eta etxeko ardurak. Hausnarketa egin ondoren, aldarrikapen ezberdinak pentsatu eta mural ezberdinak sortu zituzten.

Lehen Hezkuntza 3-6ko ikasleak ere burubelarri aritu ziren martxoak 8ak aldarrikatu nahi duen guztiaren inguruan. Modu honetara, maila bakoitzean bideo ezberdinen harira sorturiko gogoetak izan ziren protagonista. Horrela, egunerokotasunean aurki daitezkeen errealitate ezberdinen inguruan aritu ziren; lanbideak, etxeko ardurak, rolak eta oztopoak izan zirelarik hizpide.

Horretaz gain, ikastolako pasiloetan horma-irudi ezberdinez apaindu genuen ikastola, bertan emakume famatuen izenak “Eman Hitza Emakume Anitza” lelopean.

Bigarren Hezkuntzako gure ikasleek ere lanketa interesgarriak egin zituzten. Alde batetik, historiako emakume ezberdinen inguruko biografien aurkezpenak sortu zituzten LHko ikasleentzako erabilgarriak izan daitezkeelakoan etorkizunean. Gainera, gure gazteak gaur egungo sare sozialen erabilpenean izugarri iaioak direnez, emakume hauek egun Instagram izango balute, euren profil posibleak sortzen aritu ziren. Benetan lanketa berezia gure ikasleek egindakoa!

Ikastola osoan, argi geratu zen hau guztia, ez dela egun batean soilik landu beharreko zerbait. Jarrai dezagun bidea “moretzen” martxoaren 8an eta urteko beste 364 egunetan.

 

ALBISTEAK-en argitaratua.